Emantzipazioa okupazioaz haratago
35.466 etxebizitza huts Nafarroan, haietako 13.199 Iruñerrian.
2013koak dira datuak, baina ez dirudi hori asko aldatu dela pentsatzeko
motiborik badagoenik. Eta bitartean, milaka lagun etxebizitza bat
izateko aukerarik gabe: gurasoen etxea utzi ezin duten gazteak batzuk,
eta are egoera gordinagoan dauden beste batzuk; ordaindu ezin dutelako
euren etxeetatik kaleratu dituztenak. Ez dira kontu berriak. Nafarroan
ez ezik, Euskal Herri osoan errepikatzen den paradoxa da: etxerik gabeko
jendea, eta jenderik gabeko etxeak. Iruñeko Txantrea auzoan ordea,
inoren zain egon gabe arazoari heltzeko tresna berria garatu dute,
kolektiboa, eta etxebizitza lortzeko bide bat baino gehiago biltzen
dituena: Txantreako Emantzipazio Bulegoa.
Auzoko gazteen artean egindako topaketa batean identifikatu zuten
horren beharra, gazteen %73k independizatu nahi bai, baina horretarako
aukerarik ez zuela adierazi baitzuen. Bertan erabaki zuten etxebizitza
eskubidea bermatzeko euren kabuz antolatzea beste irtenbiderik ez
zutela. “Administrazioak, eta are gutxiago enpresa pribatuek, ez
gaituzte lagunduko eskubide hori garatzen, gure eskubideak murrizten
diren heinean hazten baitira haien irabaziak. Gure ustez, etxebizitza
eskubidea sendotzeko modurik egokiena arazoari erantzun kolektibo bat
ematea da”. Geroztik, etxebizitza faltari irtenbidea aurkitu nahi dionak
Txantreako Auzotegi Kultur Etxera jo dezake astelehen arratsaldez,
emantzipazio bulegoaren aholku eta laguntza jasotzeko.
Okupazioa eta alokairu prekarioa
Proposatzen duten irtenbideetako bat, okupazioa da, eta horretarako
aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskaintzen dute. Etxebizitzarena
eskubidea den neurrian, batez ere bankuenak eta instituzioenak diren
etxe hutsak okupatzea zilegi dela aldarrikatzen dute. Gero eta gehiago
dira bide hori hautatu dutenak, eta auzotarren babesa ere badute, kaleak
betetzen dituzten bandera arrosek erakusten duten moduan. Okupen
asanblada bat ere badago jada egoera horretan daudenek bide hori hartu
nahi dutenei lagun diezaieten.
Beste alternatiba bat ere lantzen dute, adostasunetik abiatzen dena.
Bigarren etxebizitza huts bat duten auzotarrekin negoziatzen dute,
zerbitzuren baten truke, etxebizitza hori behar duenari utz diezaioten:
etxea berritzea, seme-alabei klase partikularrak ematea…
Helduena ere baden arazoa
Txantreako Emantzipazio Bulegoa gazte mugimenduaren tresna da, baina
oso ongi dakite etxebizitza duinaren falta ez dela soilik gazteen
arazoa. Horrenbestez, gazte zein helduentzako bitartekoak eskaintzeko
ahalegina egiten dute, eta horrez gain, harreman estua dute arazo
beraren kontra borrokatzen ari den auzoko beste eragile batekin:
Txantrea Zona Libre de Desahucios kolektiboarekin. “Finantza erakundeei
eta etxegabetzeak baimentzen dituzten instituzioei presio egin eta babes
soziala areagotzeko aritzen gara elkarlanean”.